2008-12-22

TAMSHIYACU-LEZAMA PROIEKTUA

SARRERA
Tamshiyacu-Lezama (Lezama-Tamshiyacu) proiektua Zorrizketan Lezamako Euskera Alkartearen baitan sortu zen 2005. urtean, Josemari Legarreta Basauriko misiolariaren proposamenez. Adiskidetze edo anaitasun proiektua izan gura du, herri bien arteko elkartruke kulturala bultzatzeko asmoz eta Lezamatik Tamshiyacura elkartasuna eramateko gurariz, euren beharrizanetarako, osasun eta hezkuntza mailan batez ere, laguntasuna eramanez. Zorrizketanen iniziatiba bada ere, Lezamako beste kultura eta kirol elkarte guztiei egingo zaie proiektuan parte hartzeko gonbitea, denon indarrarekin askoz ere aberatsagoa eta solidarioagoa izango delakoan.
Proiektuaren ordezkari ofizialak bi izango dira, herri bakoitzetik bat: Tamshiyacuko Parrokia (Josemari Legarreta) eta Zorrizketan Lezamako Euskera Alkartea. Euren bitartez egingo dira trukaketa guztiak, materialak zein kulturalak.

HELBURUAK
- Lehenengo helburua, elkartruke kulturala: lezamarrok eta proiektura batuko diren inguruko besteek, Tamshiyacu-ko kultura –antropologia, hizkuntzak, folklorea, etab.– eta bizimodua sakonki ezagutzea eta, ahal den neurrian geure kultura eurei erakustea. Elkartruke kultural hau, beti ere, bata-bestearenganako errespetu osoz egingo da, inolako inposaketa edota indarkeriarik gabe.
- Bigarren helburua, elkartasuna: Tamshiyacu-n dituzten beharrizanei aurre egiten laguntzeko –osasun eta hezkuntza mailan batez ere– Lezaman eta inguruan behar eta ahal diren ekintzak burutu eta materialak batu.
Helburuok betetzen ahalegintzeko, Lezamako elkarte guztien artean zenbait ekintza proposatu eta bideratuko dira.

PARTE HARTZAILEAK:
- Josemari Legarreta, Tamshiyacu-ko parrokoa.
- Zorrizketan Lezamako Euskera Alkartea.
- Lezamako beste edozein kultur edo kirol elkarte.
- Txorierriko beste edozein kultur edo kirol elkarte.
- Beste erakunde publiko zein pribatu batzuk (Lezamako Udala, BBK…).

EKINTZAK
Behin-behineko proiektua aurkeztean, talde bakoitzari zer-nolako ekintzak burutu daitezkeen galdetuko zaio, denon arteko programa bat osatu arte. Hona hemen proposamen orokor batzuk:
- Argazki erakusketa (Lezaman eta Tamshiyacun).
- Hitzaldiak.
- Hizkuntzalaritza ikerketak eta trukaketak.
- Kultur trukaketak.
- Elkartasunezko kirol eta kultura ekitaldiak.
- Literatura lehiaketak.
- Material bilketa (botikak, liburuak, arropak, kirol-materiala…).
- Bidaiak, eta abar…

AURREKONTUAK

- 0 €-tik hasita, elkarte bakoitzari zertxobait eskatuko zaio lehenengo gastu eta gestioetarako.
- Lezamako Udalari diru-laguntza eskatuko zaio.
- Proiektuan parte hartzen dutenen artean Elkarte Ofiziala sortzea aztertuko da, erakundeetatik diru-laguntzak jaso ahal izateko.

EGUTEGIA

- 2008ko abendua: behin behineko proiektua idatzi eta Lezamako talde guztiei eman parte hartzera gonbidatuz.
- 2008ko abendua: Tamshiyacuko argazki-erakusketa eta proiektuaren aurkezpen publikoa.
- 2009ko urtarrila: taldeen elkartasunak edota atxikimenduak jaso eta proiektuan iniziatibak eta ideiak sartu.
- 2009ko otsaila: Tamshiyacura bidaia antolatzen hasi.
- 2009ko otsaila-ekaina: ekintzak burutu.
- 2009ko uztaila edo abuztua: Lezamatik Tamshiyacura elkartasunezko bidaia.
- 2009ko iraila: erakusketak eta proiektuaren balorazioa.
- 2009ko irailetik aurrera: proiektuaren jarraipena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario